Atsotitzak

ANIMALIAK

Ahuntza, barrabasaren putza.

Ahuntzak oker ospea dauka.

Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi.

Ezkailuak amuarrainak baino askoz txikiago izan arren, elkarrekin gehiago ikus dezakete. Eta geuk ere bai, elkarlanean.

Arrain handiak txikia jaten du.

Handienak txikiari irabazten dio, indartsuak ahulari.

Arraina eta berritsua ahotik galtzen dira.

Arraina, amua irentsita galtzen da, eta berritsua, gehiegi hitz eginda.

Askoren astoa otsoak jan.

Zeregin baterako arduradun gehiegi dagoenean, azkenean inork ez du ardurarik hartzen.

Asto askok, lasto asko.

Familia handietan gastuak ere handiak dira. Askori jaten emateko, janari asko behar da.

Astoa saldu eta mandoa erosi.

Aldaketa bat egin, hobetzeko asmoz, eta ezer irabazi ez.

Auzoko behiak erroa luze.

'Erroa luze' horrek esan nahi du esnetsua dela. Sarritan uste dugu besteek guk baino zorte hobea dutela, nahiz eta egia izan ez.

Belea ez da beltzago egingo.

Gauzak txarto doazenean esaten da, okerrago ezin direla joan adierazteko.

Beti zorrotzak azeriak hortzak.

Ez fidatu pertsona maltzurrekin.

Bizkor eta ondo, usoak hegaz.

Gauzak ezin dira arrapaladan eta ondo egin.

Eguzki epela, katuaren zerua.

Katuak gozo-gozo egoten dira eguzkitan.

Idiak baino lehen, zintzarriak erosi.

Gauzak egintzat ematen direnean esaten da. Esaterako, hurrengo ikasturterako liburuak erosi, aurrekoa gainditu aurretik.

Itxuraz bestekoa, zapoa saltari.

Saltari itxura handirik eduki ez arren, zapoak salto egiten du. Itxuraz kontrako gauzak egiten dituztenei buruz esaten da.

Katua falta, saguak dantza.

Irakaslea edo gurasoak ez daudenean, umeek gura dutena egiten dute.

Leku guztietan txakurrak ortozik.

Leku guztietan berdintsu bizi da jendea, eta antzeko gauzak gertatzen dira.

Lekuan-lekuan ardiak, beltzen artean zuriak.

Denetariko pertsonak daude alde guztietan.

Lukikumea, luki.

Gurasoek eta seme-alabek elkarren antza izaten dute, itxuraz edota izaeraz.

Lurra bigunago, harra barrurago.

On hutsak direnekin aprobetxatu egiten dira besteak.

Nora ezkurra, hara txerriaren muturra.

Txerriak ezkurrekin erakarri ditzakegu. Berdin esan genezake 'Nora gozokia, hara mutikoa', edo holakoren bat.

Oilo beltzak arrautza zuria; gezurrak tartean egia.

Itxurarekin ez da fidatu behar.

Otsoa aipatu eta otsoa ateetan.

Baten bat aipatu eta segituan agertzen denean esaten da.

Otsoak ez du otsokirik jaten.

Gaiztoenek ere ez diote kalte egiten euren familiei.

Sugearen umeak, sugekumeak.

Familia gaiztoei buruz esaten da.

Txerri goseak, ezkurra amets.

Zer falta dugun, harexen gogoz eta irrikaz egoten gara.

Zelango parea, karakola eta barea.

Bikote xelebre, bihurri edo dena delakoei esaten zaie.

Zozoak beleari “ipurbeltz”.

Bere akatsak beste bati leporatzen dizkionari esaten zaio.

EGUNA, URTAROAK ETA EGURALDIA

Abenduko eguna, argitu orduko iluna.

Abenduko egunak urte osoko laburrenak izaten dira. Gauak, berriz, luzeenak.

Andra Maria martiko, uda da betiko.

Martxoan hasten da eguraldi ona, udaberriarekin batera.

Arrats gorri, euri ugari.

Eguzkia sartzean oskorri badago, biharamunerako euria omen dakar.

Artoak sanjuanetan zozoa tapatu behar du, eta sanpedroetan oiloa.

Arto landarea udan hazten da.

Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna.

Neguko egunak oso laburrak dira, eta orduantxe izaten da txerria hiltzeko sasoia.

Domu Santutan, arima fielak kandela argitan.

Hildako senideei kandelak ipintzen zaizkie Domu Santutan.

Domu Santutan, elurra mendietan.

Negua hurbil dago, eta normala da ordurako mendi tontorrak zuritzea.

Egunik luzeena, San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziarena.

San Juan egunaren inguruan izaten da udako solstizioa, urteko egunik luzeena. Neguko solstizioa, berriz, Santa Luzia inguruan da, abenduan.

Eguraldi ona, bera da jaka, bera da gona.

Eguraldi onarekin arropa askorik ez dugu behar.

Eguzkia eta euria, martiko eguraldia.

Udaberria euritsua eta aldi berean eguzkitsua izaten da.

Eguzkia joan da bere amagana, bihar etorriko da denbora ona bada.

Eguzkia gordetzean esaten da.

Ekaitzaren ostean barealdia dator.

Ekaitzak pasatu egiten dira, eta liskarrak eta haserreak ere ez dira betiko.

Elur asko den urtean, garia, eta erle asko dugunean, eztia.

Neguan elurra egitea ona ei da uzta ona batzeko.

Elur urte, ezkur urte.

Neguko elurra ona ei da uzta ona batzeko.

Elurra neguan, eta giro ederra udan; gauza guztiak bere sasoian.

Sasoian sasoiko aroa egitea da onena.

Elurraren gaineko leia, elurraren deia.

Elurra egin ostean izotza botaz gero, berriro ere elurra ei dakar.

Erleak lanean, lorea denean.

Udaberrian eta udan ibiltzen dira erleak eztigintzan.

Euri eta eguzki, azeriaren ezkontza.

Eguzkia eta euria batera direnean esaten da.

Gabon bonbon, Natibitate ase eta bete, San Estebantxe besteetan letxe.

Gabon eta Natibitate egunez asko jaten da, eta San Esteban egunean (abenduaren 26an) betikora itzultzen dira jatorduak.

Gauez katu guztiak beltzak.

Gauez ez da gauza handirik ikusten, eta itxurak ez dauka hainbesteko garrantzirik.

Gaur hotz, bihar izotza, etzi elurra, banuen beldurra.

Eguraldiaren bilakaera normala.

Goiz gorri, errotari; arrats gorri, pelotari.

Goiz gorriak euria dakar, errotarako. Arrats gorriak eguraldi ona dakar, pilotan egiteko.

Hego haizea, andren haizea.

Esaten da hego haizea emakumeen gogoa bezalatsu dabilela, hara eta hona beti.

Iraila, udaren buztana eta neguaren hasiera.

Irail amaieran hasten da udazkena, eta horrekin, negurako aldaketa.

Iraila, udazkeneko maiatza.

Irailean eguraldi ona egiten du sarritan.

Izarrak hegoaldera, haizea hegotik; izarrak iparrera, iparretik haizea.

Zeruan non ikusten diren izarrak, alde horrexetatik joko omen du haizeak.

Kandelario bero, negua dauka gero; Kandelario hotz, negua joan da motz.

Kandelariotarako oraindik negutu ez badu, gero negua luze egingo da, eta alderantziz.

Kuku, sanpedroetan mutu.

San Pedro ingururako alde egiten du kukuak.

Kukua, udaberriko soldadua; txantxangorria, neguko soldadua.

Kukua udaberrian etortzen da gurera; txindorra, ostera, neguan ere hemen egoten da.

Lehorteak jota ihartu edo uholdeak astinduta ito, kito.

Lehortea zein uholdea, biak dira kaltegarriak.

Leia, zaharren hilgarria, gazteen zahargarria.

Hotzak kikildu egiten gaitu.

Lurra neguan pausatzen da, udaberrian itzartzeko.

Natura lotan bezala egoten da neguan.

Neguak edertzen du uda.

Urtaroak aldatu egiten direlako egiten zaizkigu politagoak.

Neguan hotz eta udan bero, horrelaxe urtero.

Urtero-urtero berdintsu doaz urte sasoiak.

Otsailean tximeleta baino otsoa ardi artean ikusi nahiago.

Otsaila hotz egiteko sasoia da oraindik, eta tximeletak agertzea seinale txarra da baserritarrentzat: epelegi dagoela esan gura du.

Puzker handia kakagura, izotz handia elurgura.

Izotz handia elurraren seinale da, puzker handia komunera joan beharraren seinale den moduan.

San Antonio, San Antonio', txerria gaixo denean. San Antonio ez da esaten urdaia jaten denean.

Komeni zaigunarekin bakarrik gogoratzen gara. San Anton abereen zaindaria da.

San Isidroren astea, atzea baino aurrea artoa ereiteko hobea.

Maiatzean ereiten da artoa, San Isidro inguruan.

San Lorentzok esku batean sua, eta bestean ura.

Abuztu hasieran eguraldi aldakorra egoten da, orain euria, orain eguzkia.

San Migel, heldu hemen.

San Migeli laguntza eskatzeko erregua.

Santa Luzia eguna, argitu orduko iluna.

Abenduaren 13an da Santa Luzia.

Sua, gabonetan txapan eta sanjuanetan plazan.

Lehen, etxea berotzeko txapa izeneko sukaldea erabiltzen zen.

Udaberriko lehortea, urte guztiko gosetea.

Jenero asko udaberrian ereiten edo landatzen da. Sikatzen bada, ez dago zer jan.

Uholde handienak ere itsasoan baretzen dira.

Itsasoa hain da handia, edozer hartu dezake bere barruan.

Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra.

Urrian elurra egiten hasiz gero, negua gogorra izango ei da.

Urrila, urri; ilunabarretan igarri.

Urril edo urrian igarri egiten da egunak laburragoak direla, goizago iluntzen du eta.

Zapoak klin-klon, bihar eguraldi on.

Zapoa kantuka dabilenean, eguraldi ona ei dakar.

FAMILIA, ETXEA ETA BIZILEKUA

Aita batzaile, seme banatzaile.

Aitak dirua irabaztea eta semeak gastatzea.

Aita eta seme tabernan dagoz, ama eta alaba jokoan; hareen etxean ez da faltako erropa zaharra kakoan.

Ganorabakoen izaera gaitzesten du.

Aita non dago? Alkondaran. Ama? Atorran.

Bakoitzak bere egitekoak ditu familian. Alkondara gizonezko jantzia da, eta atorra, emakumezkoa.

Ama kantaria eta alaba dantzaria.

Gurasoak nolakoak, seme-alabak ere holakoak izaten dira.

Arabarra, jan eta poz; bizkaitarra jan eta hotz.

Bizkaitarrak arabarren aldean hotzak omen dira.

Arrantza gure astoak, erantzun auzokoak.

Batek astakeria edo zentzugabekeria bat esan, eta beste batek berdintsu erantzutea.

Atzerri, otso herri.

Norberaren herritik irtetea arriskutsua ei da.

Auzo ona, adiskide ona.

Auzotar ona edukitzea gauza handia da: ez zaizu laguntasunik faltako.

Auzoan loro, etxean moro.

Etxean erakusten dugu gure alderik txarrena.

Auzoko ogia beti gozoagoa izaten da.

Sarritan gehiago estimatzen ditugu etxetik kanpoko gauzak.

Auzolan: etxean jan eta kanpoan lan.

Auzolanean ez da dirurik irabazten.

Bertan Bilbo!

Gauza handi edo harrigarriren bat entzutean esaten da. Baita ezustean inorekin topo egitean ere.

Besteren etxean erraz hazten dira umeak.

Kanpokoek ez dute ikusten zelako lana ematen duen seme-alabak hazteak.

Bi etxekoandreko sukaldea, gatzez betetako eltzea.

Zeregin batzuek arduradun bakarra behar dute; bestela, gauzak birritan egitea edo egin barik gelditzea gertatu daiteke.

Buzkantzak ordea beti.

Mesedea beste mesede batekin ordaintzen da. Lehen, txerriboda egiten zenean, buzkantza eroaten zitzaien etxeartekoei, eurek emandakoen ordainetan.

Esan asko, eta egin gitxi; gosez hil ei zan auzoko Patxi.

Berba asko egin, baina lan gutxi egiten dutenei esaten zaie.

Etxea ez da barkua.

Etxea bere lekuan egongo da beti, ez da inora joango.

Etxeko berriak auzoan, lau bider gehituan.

Zurrumurru eta esamesetan gauzak puztu egiten dira.

Etxeko sua etxeko hautsez estali.

Etxe barruko kontuak kanpora ez zabaltzeko aholkatzen du.

Etxeko txarra hobe, kanpoko ona baino.

Beti maite ditugu etxekoak, akats eta guzti.

Etxekoandrea nolako, etxe aldea halako.

Asko igartzen da etxea gobernatzeko modua.

Ganorabakoen etxean, goizeko saldea arratsean.

Ganorabakoen izaera gaitzesten du.

Gezurra esan nuen mendian, ni baino lehenago zen herrian.

Gezurra berehala jakiten da.

Gurasoak zelangoak, umeak halangoak.

Gurasoek eragina dute seme-alaben izaeran.

Gurasoekin zu nola, zure umeak zurekin hala.

Guretzat nahi dugun tratua eman behar diegu gure gurasoei.

Gure etxea pobrea, erregerena baino hobea.

Norberaren etxea bezalakorik ez dago.

Herririk txarrena, adiskiderik ez dena.

Adiskideak izanez gero, edonon ondo gaude.

Herriz aldatzea, zaharrarentzat hiltzea.

Adinekoei latz egiten zaizkie aldaketa handiak.

Izekoa eta osabea, ez dakit zein dan hobea.

Senideen arteko lotura eta laguntasuna adierazten du.

Kanpo ederra, etxean gerra.

Etxetik kanpora denok izaten gara atseginagoak.

Kanpoan uso, etxean otso.

Etxean ateratzen dugu gure alderik txarrena.

Maria gurea sukaldean, bazkaldu beharko erre usainean.

Trebetasunik ez duen batek zereginen bat egitean esaten da.

Non nire txokoa, han nire gozoa.

Geure etxean inon baino gusturago egoten gara.

Senide urrunekoa baino auzo hurkoa hobe.

Auzokoek errazago lagundu dezakete urrun bizi den senide batek baino.

Subako etxea, gorputz odolbagea.

Sua ezinbestekoa zen lehengo etxeetan. Surik ez daukan etxea odolik ez daukan gorputza bezalakoa dela dio atsotitz zahar honek.

Umeak zer ikusi, ha ikasi.

Erakusten zaiguna ikasten dugu.

Umearen zentzuna, etxean entzuna.

Etxean erakusten zaiguna ikasten dugu.

Zotzetik ezpala.

Gurasoen antzeko izaera duten seme-alabei buruz esaten da.

GORPUTZA ETA OSASUNA

Aharrausi luzea, logura edo gosea.

Aharrausi egitea loguraren edo gosearen seinale ei da.

Arratsean sagar bat jaten duenak medikua etxetik ateratzen du.

Sagarra osasunerako oso ona dela diote.

Bardin da azak lepoan eroatea nahi tripan eroatea.

Azak ez ei du askorik elikatzen.

Bistatik urrun, bihotzetik urrun.

Ikusten ez ditugun gauzak edo pertsonak ahaztu egiten ditugu.

Botiketan baino, hobe jan-edanean gastatu.

Ondo jatea ezinbestekoa da osasun ona edukitzeko.

Bururik ez daukanak hankak ibili behar.

Gauza bat ahazten denean, hankak nekatu behar dira, ahaztutakoaren bila joateko.

Bururik ez daukanak txapela sobran.

Batzuek alferrik dute burua, gutxi pentsatzen dute eta.

Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.

Pastelak edo halako gauza onen bat daukagunean, aprobetxa dezagun, eta ez dagoenean, konformatu.

Den negu, nola den uda, beti da arropa lagun ona.

Jantziek hotzetik zein eguzkitik babesten dute gorputza.

Ez dago alkaterik, ez erregerik, Jaunaren legea aldatu dezakeenik.

Denok hil behar dugu, hori da bizilegea.

Gauean, belarria begi.

Ilunetan, gehiago balio digu belarriak begiak baino.

Gaztaina, zura, arbia, lurra; nik ogia gura.

Ogia funtsezko janaria da.

Gazteak gogoa zoro.

Gazteek zorakeria asko egiten dituzte, helduen ustez.

Gura duenak luzaro bizi, oiloekin ohera, txoriekin jagi.

Osasuntsu bizitzeko, goiz oheratu eta goiz jaiki behar dugu.

Hagina dabilenean, sabela poz.

Gure gorputzak janaria behar du.

Hodei artetik eguzkia eta galtzaren zulotik, larrua.

Arropan zuloren bat ikustean esaten da.

Ipurdi batekin aulki bi ezin bete daitezke.

Pertsona bakarrak ezin ditu zeregin bi batera egin.

Jan aurreko janak ez du etxea galtzen.

Bazkalaurretik jan edo bazkalorduan jan, berdin-berdin jaten da.

Jan eta lo, potolo.

Jatea beste zereginik ez duena, loditu egiten da.

Janari txarrak ontzeko ez da gosea bezalakorik.

Gose izanez gero, edozer jaten da gustura.

Lapikorik nahi ez, eta angula mangula; hori ez da gosea, hori da gula.

Edozerekin konformatzen ez direnei esaten zaie.

Lau maraikoren pupua eta zortzi maraikoren trapua.

Minak exajeratzen dituenari buruz esaten da; esaterako, zauri txiki batean benda handia ipini duelako. Maraikoa antzinako txanpon bat da.

Malo, zazpi lagun eta hiru talo.

Hiru talo zazpiren artean banatzea ez da erraza. Zerbaitek haserrea ekarriko duela ikustean esaten da.

Nahi juju, nahi jaja, medikuaren esana bete egin behar da.

Gogoz nahiz gogoz kontra, medikuak agindutakoa bete behar da.

On deigula janak eta gaitzik ez edanak.

Jaten hasi aurretik esaten da.

Osasuna, mundu honetako ondasuna.

Osasun ona izatea baino gauza hoberik ez dago.

Tripak egiten duenean gurgur, bartko afaria agur.

Gorputzak egunero eskatzen du jatekoa. Gurgur, tripa hotsa da.

Ukondoa hur dago, baina ezin muin egin.

Ukondoa ahotik hurbil egon arren, ezin zaio musurik eman. Ezinezko gauzei buruz esaten da.

Umeak geldi egon ezin, eta zaharrak ibili ezin.

Adin bakoitzak egoera bat dakar.

Zenbat buru, hainbat aburu.

Bakoitzak bere erara pentsatzen du, eta zaila da bat etortzea.

LANDAREAK

Aharrausia ahorik aho, katamixarra pagorik pago.

Aharrausia kutsatu egiten da: bat aharrausika hasi, eta ingurukoak ere laster dira aho zabalka.

Arantza bako larrosarik ez dago.

Gauza guztiek dute alde ona eta txarra.

Egur zaharra, su txarra.

Egurra denborarekin galdu egiten da, eta ez du sutarako balio.

Ez izan eta bai uste, sasipeko masuste.

Harroei eta bere burua askotzat daukatenei buruz esaten da.

Ezkur urte, gari urte.

Ezkur ugariko urteak gari ugariko urtea dakarrela diote.

Gure haritzaren betea! Eta ezkurrik ez.

Batzuek uste dute daukaten guztia ona dela, hala ez bada ere.

Haritzaren zuztarretik pagorik ez.

Ez dagoen lekutik ezin daiteke gauza bat atera.

Intxaurrak apurtzeko ez da harririk falta.

Zailena egin denean, intxaurra eskuratu kasurako, berez-berez dator beste guztia.

Loreak asko, baina beltzik bat ere ez.

Kolore askotako loreak daude, baina beltzik ez.

Martxo-lorea, basalorea; apiril-lorea, batere ez baino hobea; maiatz-lorea urre-lorea.

Martxotik maiatzera bitarte loreak ugaritu egiten direla adierazten du.

Pago erorira egurketari guztiak laster ari dira.

Ahulen kontra egitea, bullyingaren kasuan bezala.

Sasiak begiak ditu, eta hontzak, belarriak.

Egiten dugun guztia jakiten da azkenean.

Urruneko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau.

Zerbaitekin ilusioa egin, eta azkenean uste baino txarragoa izatea.

Zelango egurra, halango zozpala.

Gurasoak nolakoak, seme-alabak ere holakoak izaten dira. 'Zozpala' egur zati mehea da; ezpala.

UMEAK

Egin dezala negar beldur barik, tripa zila osatuta dauka eta.

Umeak negar egin arren, ez dela ezer gertatzen adierazteko esaten da.

Eroriz, eroriz, oinez ikasten.

Saiatuz lortzen dira gauzak.

Hatz-behatzak ondo ekartzea, nagusi.

Umea osasuntsu jaiotzeko guraria.

Hau da gure mutila, jateko opila.

Mutikoei esaten zaie, onespenez.

Haurrak, haurlan.

Umeek umeen beharrak eta umeen gauzak egiten dituztela adierazteko esaten da.

Haurrak negarrik ez, titirik ez.

Gauzak lortzeko soinu, zarata, protesta, negar egin behar dela adierazteko.

Haurtzaroan bigun, gaztaroan ttun ttun, zahartzaroan ilun.

Umea lar mimatuz gero, alferrik galtzen dela adierazteko.

Inoren etxeko umeak erraz hazten dira.

Norberaren umeen hezkuntzari buruzko aholkuak ematen datorrenari esaten zaio.

Inoren umea beti txarra.

Inoren umeengatik txarto esaka dabilenari esaten zaio.

Kiketza, zaharrentzako hiltzeko eta umeentzako hazteko.

Baten batek txotina daukanean esaten da.

Lo egiteko, kantatu egin behar du umeak.

Nekearen nekez negar egiten dute umeek, loak hartu aurretik.

Maitasuna botikarik onena.

Umeek min hartzen dutenean, gurasoen laztana edo musua izaten da sendabiderik onena.

Negar eta barre, kaka berde.

Negar eta segidan barre egiten duen umeari esaten zaio.

Norberaren gibela platerean ikusi arte ez da negar egin behar.

Umeari esaten zaio, txikikeriengatik negar egin ez dezan.

Oraingo umeak begiak zabalik jaiotzen dira.

Gaur eguneko umeek asko dakitela adierazten du.

Osasunez hazi dezazuela.

Hala esaten zaie gurasoei, umea ezagutzean.

Tanbolin bako erromeria.

Umea negarrez dagoenean esaten da.

Ume bat duenak pena bat, asko dituenak pena asko.

Zenbat eta ume gehiago izan, buruko min gehiago.

Ume jaio eta ume bihurtu.

Zahartzen garenean, berriro umetu egiten garela adierazteko erabiltzen da.

Umea hazten da negarragaz eta garia bedarragaz.

Umeak negar egitea gauza normala da.

Umeak eskolan, etxean bakea.

Umeak kanpoan direnean, lasaitasun itzela izaten da etxean.

Umeak etxean entzuten duena, kanpoan esaten du.

Inork jakiterik nahi ez duzuna, ez umeen aurrean esan.

Umeak jolasean, zaharrak egonean.

Adin-tarte bakoitzari egoera desberdina dagokio.

Umeak geldi egon ezin eta zaharrak ibili ezin.

Lotu barik dabilenari esaten zaio.

Umeak hazi eta hezi.

Umeak txikitatik hezi behar direla adierazten du.

Umeak hazi eta nekeak bizi.

Umeak hazteak neke, ardura eta buruhauste galantak ematen ditu.

Umeak ume, hemen eta Parisen.

Umeek antzeko jokabidea dute leku guztietan.

Umeek begi handiak eta tripa txikerra / Haurrak begiak gose.

Umeek begiekin jaten dutela adierazten du.

Umeak umetara / Umeak umeari begi argi.

Umeak umeengana joaten dira, beste ume batzuekin egon nahi dute.

Umeekin ohera doana, kakaztuta jagiten da.

Ganorabakoekin dabilenak ez du gauza zuzenik egingo.

Umerik ez dagoen etxea, tristea.

Umeek, buruko minak bai baina atsegin-poz ugari ere ematen dituzte.

Umerik ez daukanak, umeminik ez, eta buruko minik ere ez.

Umerik ez duenagatik esaten da, umeek zaintza eta neke asko eskatzen dute eta.

Umetan ikasten dena, betirako izaten da.

Umea txikitatik hezi behar da, eta ondo ikasitakoa nekez ahazten da.

Umetik gizona nekez.

Gizon egiteko denbora behar da.

Zelako egurra, halako ezpala / Umeak gurasoen ispilu.

Gure gurasoengandik ikasten ditugu gauzak eta haien antzekoak izaten gara, bai gaitasunetan, izaeran…

Zelako umea, halako gizona.

Umea txikitatik hezi behar da.