Errimak

–A mutil, jan dok opil?

–A neska, jan don peska?

Mutil eta neska izenekin jolastuz egiten den elkarrizketa modukoa. ‘A’ hori deitzeko berba bat da: A mutil, zatoz hona!


–Agur.

–Bidea luzea eta pausoa labur.

'Agur' dioenari ematen zaion erantzuna.


–Agur.

–Ekarri lepo bete egur.

Erantzun hori ematen zaio 'agur' esan duenari.


–Agur.

–Ekarri lepo bete egur.

'Agur' berbari ematen zaion erantzun burlatia.


–Ama!

–Gazte nintzenean dama.

Seme-alabek ez dute ikusten ama, ama izateaz gainera, pertsona ere badela.


–Bai, baina...

–Bainak ortuan.

Holaxe erantzuten da baten batek 'baina' esatean. Bainak lekak dira.


–Bederatzi.

–Katuaren narrua eratsi.

Narrua erastea larrutzea da, larrua kentzea.


–Bene-benetan.

–Katua berbetan.

Halaxe erantzuten zaio 'benetan' dioenari.


–Berandu!

–Azkena norbaitek behar du.

'Berandu' heldu garela leporatzen digutenean, horrelaxe erantzun dezakegu.


–Beti.

–Txakurrak buztanpetik.

Halaxe erantzuten zaio 'beti' dioenari.


–Buruko mina daukat.

–Burua mihin barik ez dago ondo.

Berba jokoa dago hemen, bizkaieraz berdin esaten dira eta ‘mina’ eta ‘mihina’ (mingaina).


–Egia.

–Sudurraren ondoan begia.

Holaxe erantzuten da baten batek 'egia' esatean.


–Esan.

–Abadea mezan.

'Esan' dioenari ematen zaion erantzun barregarria.


–Eskerrik asko!

–Ekarri asko!

Erantzun barregarria.


–Gero.

–Garagarrilean egiten dau bero.

'Gero' esaten duenari erantzuteko modu barregarria. Garagarrila uztaila da.


–Gero.

–Hotz ez dena, bero.

'Gero' esaten duenari erantzuteko modu barregarria.


–Gezurra.

–Belarriaren ondoan sudurra.

'Gezurra' esan duenari ematen zaion erantzuna.


–Hamabi.

–Altzo bete madari.

Holaxe erantzuten da baten batek 'hamabi' esatean.


–Hamabi.

–Bota platerera begi bi.

Berba jokoa. Eguerdiko hamabietan bazkaltzeko ohitura zegoen lehenago.


–Hamabiak.

–Katuak jango ditu bazkariak.

'Hamabiak' berbari erantzuteko modua.


–Hamabiak.

–Gure lapikoaren agoniak.

Berba jokoa. Eguerdiko hamabietan bazkaltzeko ohitura zegoen lehenago.


–Hamahiru.

–Aitonak amona nahi du.

Holaxe erantzuten da baten batek 'hamahiru' esatean.


–Hamaika.

–Otzara bete lukainka.

Erantzun barregarri hori ematen zaio 'hamaika' esan duenari. Lukainka, txorizo moduko bat da.


–Hamaikak.

–Gure katuaren lukainkak.

'Hamaikak' esaten denean ematen den erantzuna.


–Hamalau.

–Txakurrak jango ahal hau!

Halaxe erantzuten zaio 'hamalau' dioenari.


–Hamar.

–Gure katuak marmar.

Halaxe erantzuten zaio 'hamar' dioenari.


–Hau eta hori eta bestea.

–Txakurraren odolostea.

Berba jokoa.


–Hau.

–Au, txakurrak egiten dau.

Halaxe erantzuten zaio 'hau' dioenari.


–Hiru.

–Kolko bete diru.

Holaxe erantzuten da 'hiru' entzutean.


–Kito.

–Atso bat hil eta beste bat ito.

'Kito' esatean ematen den erantzun barregarria. ‘Atsoa’ emakume zaharra da.


–Kito.

–Kakatan ito.

'Kito' esatean ematen den erantzun barregarria.


–Lau.

–Sardina makailau.

Lau'-rekin egiten den berba jokoa.


–Nongoa zara?

–Joan eta bertakoa.

Erantzun burlatia. Berdin balio du antzeko galderetarako: 'Non dago...? Joan eta bertan'.


–Nora?

–Mokordotan Durangora.

'Nora' galdetzen duenari ematen zaion erantzun lotsabakoa. Mokordoa kaka da.


–Ondo.

–Ondo badago, ez du medikuaren beharrik.

Halaxe erantzuten zaio ‘ondo’ dioenari.


–Presa dut.

–Zuk presa eta nik antapara.

Berba jokoa da. ‘Presa’ eta ‘antapara’ errotako bi egitura dira.


–Sei.

–Korta bete behi.

Halaxe erantzuten zaio 'sei' dioenari.


–Ui.

–Ui, ui, frantsesak astoari.

Frantsesez, 'bai' esateko 'oui' (ui) esaten da.


–Zazpi.

–Buru bete bazpi.

Bazpiak zorriaren arrautzak dira.


–Ze berri?

–Zaharrak berri (gazteen amorragarri).

Zer berri' galdetzen dutenei erantzunez egiten den berba jokoa.


–Zelan duzu izena?

–Etxean txotxo, eta kanpoan gizena.

Izena galdetutakoan ematen den erantzun barregarria. ‘Txotxo’ mutikoei deitzeko modu bat da.


–Zer da?

–Araban txerri emea.

Arabara erdaraz ikasten joaten ziren sasoi batean euskaldun baserritarrak, eta, jakina, txerri emeari 'cerda' esaten zioten han.


–Zer egiten duzu?

–Lehengoek bezalaxe, itzala.

Erantzun burlatia.


–Zer moduz?

–Zu ondo, eta ni?

Adarra jotzeko asmoz esaten da, batek 'zer moduz?' galdetutakoan. Konturatu erantzuna aldrebesa dela.


–Zer?

–Zezemer.

'Zer' itauntzen dutenei ematen zaien erantzuna.


–Zortzi.

–Katilu bete zorri.

Halaxe erantzuten zaio 'zortzi' dioenari.


Beñat, astoaren koñat.

Beñat izenekoei egiten zaien burla.


Eskerrik asko, Mari Belasko, okela gitxi eta salda asko.

Eskerrak emateko formula barregarria.


Ez sinistu, txistu.

Kontatu digutena ez dugula sinetsi adierazteko modua.


I, i, i, ez ei da libra bi.

Libra kilo erdi da.


Jakina, Maria Joakina.

'Jakina' berbaren erantzun barregarria.


Joakin, eskolara joan eta batere ez jakin.

Joakin edo Jokin izenekoei burla egiteko esalegea.


Joan eta etorri, kapela gorri.

Joan-etorria alferrik egiten denean esaten da: Udaletxeraino joan gara eta itxita topatu dugu. Joan eta etorri kapela gorri egin dugu.


Jose, beti jan eta beti gose.

Jose izenekoei egiten zaien burla.


Negar eta barre, kaka berde.

Lehenengo negarrez eta gero barreka dabilenari esaten zaio.


Patxi, kaka egin eta bertan itxi.

Patxi izenekoei egiten zaien burla. 'Bertan itxi' bertan uztea da.