Euskaldunon berbaera, lurraldez lurralde eta herriz herri ez ezik, auzoz auzo ere desberdina da batzuetan, eta bakoitzak bere berezitasunak izan ditzake. Horrelaxe da hain zuzen ere Mungiako kasuan."class=xl"
Herriko hirigunea bidegurutze antzeko erdigune bat da Ipar Uribe eskualdearen barruan. Mungiako hirian elkartzen dira udalerria osotzen duten auzoetan eta albo-herrietan egiten diren berbetak."class=l"
Fonetika eta morfologia aldetik badira diferentziak alderdi batzuetatik besteetara, txikiak izan arren. Modu batera ahoskatzen dira berbak Atxurin eta Billelan, beste era batera Larraurin eta Emerandon, beste batera Laukarizen eta Zabalondon, eta azkenez Mungiako hiri barruan edo Trobikan ere arean diferente.
Lexikoan, ostera, batasun handiagoa dago. Kontzeptuak adierazteko erabiltzen diren hitzak berdin antzekoak dira eremu osoan, baina berbak ebakitzeko moduan eta intonazioan badira alde txikiak.
1.Ahoskera
- Bokalak sarritan aldatzen dira inguruko bokalen eraginez. Bokal itxiek (i, u) itxi egiten dituzte inguruko bokalak. Adibidez:
sikatu > siketu
ura > ure
ikusi > ukusi
apur baten > apur beten
orduan > orduen - Bokal arteko /b/, /d/, /g/ eta /r/ galdu egiten dira batzuetan, edo elkarrekin aldatu:
gehiago > gihau
bedeinkatu > bereinketu
badakizu > bakixu
egin > in
ezagutu > ezetu - /j/-ren ahoskera, euskal jatorriko hitzetan, /y/ da: yakin, yoan, yantzan, Yata, yokoan, yoskillea... Leku batzuetan /dx/ ere egiten dute: dxausi, dxakon, dxoan... Maileguetan, gaztelaniazko /j/ entzuten da: paraje, jente, jenero, San Juan.
- Euskara batuan /z/ dena /s/ ahoskatzen da, Bizkai osoan bezala: bisi, selan, lusea, sosoa, suloa...
- /tz/ eta /tx/ bere horretan ahoskatzen dira, ondo bereiztuta. ‘Etxe’ berba salbuespena da: “etze” ahoskatzen dugu, hitz honen antzinako forma ‘etse’ zelako, eta halaxe gorde da gure euskaran.
- Batzuetan, /i/ hotsak busti egiten du ondorengo /s/, /z/ edo /ts/, eta /x/ edo /tx/ bihurtu:
gizalana > gixelana
bizarra > bixerra
itsasaldea > itxosaldea
goizaldean > goxaldean
haize > haxe
izan > ixen - /i/ ren ostean /t/ palatalizatu egiten da eta /tt/ edo /tx/ ahoskatzen da:
eguzkitan > eguzkitten
ditu > dittu
egiteko > itteko edo itxeko
garbitu > garbittu edo garbitxu
aita > aitte
gonbitu > gonbittu
koitadua > koittedue
zituan > zittuzen edo zitxuzen - Aurretik /in/ eta /il/ egonez gero /d/ eta /t/ bustita entzuten dira:
indabak > inyabak
txindorra > txinyorra
egin dot > inyot
ibilten > ibiltten
urdindu > urdinyu
hilten > iltten
1.1. Bokalen ahoskera
Mugatzaile singularra bokalez amaitzen den erroari eranstean aldaketa batzuk gertatzen dira. Emaitzak desberdinak dira auzotik auzora eta ahoskeran bariante ugari sortzen da herri bakarra izan arren. Ahozko hizkuntza bizia da eta ez da eredu bakarrera lotzen. Adibideen bitartez erakutsiko dugu ugaritasun-aberastasun hori:
-A amaieradun berbak: -ea / -ia / -e:
alaba: alabea / alabia / alabe
zopa: zopea / zopia / zope
zapata: zapatea / zapatia / zapate
-E amaieradun berbak: -ea / -ia / -e:
etxea: etxea / etxia / etxe
bidea: bidea / bidia / bide
portalea: portalea / portalia / portale
-I amaieradun berbak: -ie / -idxe / -i:
mendia: mendie / mendidxe / mendi
harria: harrie / harridxe / harri
gurdia: gurdie / gurdidxe / gurdi
idia: idie / ididxe / idi
-O amaieradun berbak -oa leku gehienetan eta -o batzuetan:
astoa: astoa / asto
artoa: artoa / arto
terrenoa: terrenoa / terreno
-U amaieradun berbei gehitu ezkero, -ue egiten da ia denean, eta leku gutxi batzuetan –u. Halan:
ganadua: ganadue / ganadu
mundua: mundue / mundu
lekua: lekue / leku
palua: palue / palu
konejua: konejue / koneju
2. ADITZA
- Aditzaren -TEN formetan hainbat aldaera dago, aditz partizipioa bat edo bestea izan:
-TEN: egoten, esaten, ekarten...
-TAN: epeltan, adittan edo aditxan, kabitxan, mogittan, siketan, igertan...
-TZEN edo -TZEAN: sartzen edo sartzean, lotzen edo lotzean, saltzen edo saltzean...
-ETAN: kantetan, gustetan, pasetan, pentsetan... - 3. pertsona pluralean, bizkaieraz -ee, -ie egiten duten adizki askok amaieran -ea dute: esate’otzea (esaten deutsie), horreek eztekea ezer (ez daukie).
- Aditzaren formari dagokionez erdal jatorriko aditz partizipio batzuetan -TU edo -DU erabat galtzen da:
amatatu > amata
akordatu > akorda
ailegatu > ailega - Aditz izenak -KERAN atzizkiarekin ere egiten dira:
egikeran = egitean
emokeran = emotean
ikusikeran = ikustean - Erabilerari dagokionez, sarritan iraganeko forma trinkoen ordez, adizki jokatuak erabiltzen dira:
geunkan → eukiten gendun
egoan → egon zan - Aditz sintagman hainbat laburdura egiten dira:
egin dot → indot edo inyot
ekarri deutso → ekartzo
esaten jakon → esateakon
ezagutu dot → ezetuot - Nor-nork sortan, hirugarren pertsonan pluralgile bi erabiltzen dira: -it- eta -z: ‘deittuz’ (ditu), zittuzen (zituen). Gainerako pertsonetan bizkaierako -z bakarrik sartzen da: ‘doaz’ (ditut), ‘duz’ (ditugu)...
3. LEXIKOA
Orain dela urte gutxi Mungialdeko berbak izenburuko koaderno moduko bat agertu zuten, Mungiako Udalak eta Ikastetxeek elkar hartuta. Zuhurtasun handiz Mungialdeko berbak izenburua ipini zioten liburuxka horri, ez Mungiako. Izan ere, Mungia eta ingurua bat edo ia bat dira lexikoari dagokion guztian. Horretara adierazi gura izan dute, zerrendan ageri diren berbak, Mungian ezeze, inguru osoan ezagunak edo erabiliak direla, edo izan direla; udalbarrutia baino eremu zabalagoan, eta hainbat berba, askoz zabalagoan. Asko edo gehienak Uribe merindadearen iparralde osoan, hasi Txorierritik eta itsas bazterreraino, hasi Plentzia-Gorliz ingurutik eta Arrieta-Morgaraino.
Badira hainbat berba, Mungialdean guztiz ezagunak izanik, Urdaibai aldean gutxi edo ezer entzuten ez direnak, eta berdin jazotzen da Txorierrirantz edo Arratia alderantz edo Durangoalderantz urrundu ahala. Hurrekotasun gehien, duda barik, Txorierriko berbekin dago; izan ere, haran biok mendikate apal batek baino ez ditu bereizten; elkarrengandik hur daude eta elkarrekin hartu-eman zaharra eta ugaria ezagutu izan dute lehenagoko denboretan.
Hemen duzue lexiko horren izentazio bat:
3.1. Gizaki edo senitarteko izen batzuk
- Aita-amak erabiltzen da gurasoak izendatzeko. Hitz elkartu egitura berorrekin: neba-arrebak, ama-alabak, aita-semeak, atso-agureak...
- Aitabitxi eta amabitxi dira hemen, beste alde batzuetako aita besoetakoa / ama besoetakoa, aita ponteko / ama pontekoa. Zeintzuk dira zure aitabitxi eta amabitxi?
- Andrazkoa eta enbrazkoa, emakumea adierazteko, eta gizonezkoa gizakumeari deitzeko.
- Aubea izena ezaguna da, amaginarreba esateko.
- Bikotxak esaten zaie batera jaiorikoei, beste leku batzuetan bikiak.
- -ki atzizkia gehitzen zaie egoera berri batera heltzeko dauden gizakiei: koinatukia, koinatakia, abadekia, Bizkaiko beste leku batzuetako antzera. Baina -gai atzizkiaz ere badira: suingaia, errangaia.
- Mutil bardingoa edo mutil makarra, ez ume ez gazte, adinez ertaina denari esateko. Neskak ere bardingoak dira. Bide beretik, bardingotan esaten da, umetan edo gaztetan erabiltzen diren eran.
- Sein ume jaioberri edo txikerrari deitzeko, edota etxeko gazteenari, etxeko seina erabiltzen da ondino.
3.2. Neurria edo zenbatekoa adierazteko
- Altsi bat: apur bat. Altsika-altsika: apurka-apurka. Kaferik? Altsitxu bat baino ez.
- Apurrak: ogi-mamurrak, ogi-birrinak.
- Apur bat: pitin bat, pixka bat. Gatz apur bat, mesedez. Apur-apurtxu bat bakarrik.
- Arean: zerbait; arean bere ez: ezer ere ez. Neurri labur-laburra adierazten dute. Arean lortu dot, baina ez dago gehiagorik.
- Bazterrak bete: ugari, asko eta asko. Bazterrak bete jente batu da enterrura.
- Eskandalua: asko eta asko. Jentea eskandalua egon da erromeria egunean.
- Franko: ugari, asko. Piperra franko dago aurten; tomatea, ostera, urri.
- Garaitikoak: gainerakoak, beste guztiak. Batzuk jan eta garaitikoak biharko utziko ditugu.
- Gizalan: Lur arloak (soroak eta landak) neurtzekoa. Berrehun gizalaneko saila dauka basoan.
- Guzti: denak. Urte guztietan. Guztiek ezagutzen dute hori.
- Hamaika: asko. Hamaikatxu ikusita dago gizajoa.
- Horren, nire, zure: hain, nire, zure, konparatze egituran. Zu ez zara horren lodia. Gurago neuke zure argala izan. Ha ez da nire gaztea.
- Lar: gehiegi. Lar ere lar da hori. Jateko lar ipini digute.
- Makina bat: hainbat, hamaikatxu. Makinatxu bat behar eginikoak gara geure sasoian!
- Nahia: zenbat-gura. Sagarra nahia egon da aurten. Sagardaoa nahia edan genuen.
- Ohidalez: nahiko, ugari, hainbat. Jentea ohidalez batu da.
- Ohidalangoa: itzelezkoa, sekulakoa. Ohidalango jaia egin dute ikastetxean.
- Pitin bat: apur bat, areantxu. Ia-ia amaituta dago, pitin bat baino ez zaigu falta.
- Sano: guztiz, oso. Sano ondo bizi gara. Sano gutxi jaten du. Sano gazte dago.
- Zehatz: guztiz, zeharo, oso. Zehatz mozkortuta ikusi dut.
3.3. Adjektiboak
- Afo: astin, harro, apatz. Butaka afo-afoa da. Ogia afo-afo dago.
- Akabu, akabuko: azkena, txarrena. Pertsonarentzat akabukoa da ibili ezina. Akabua zara, gero!
- Amots: kamuts. Kodaina amots dago.
- Artez: zuzen; arin, azkar. Gizon arteza da. Erdu etxera artez.
- Bajuta, bajuto: luzea ez den pertsona, txiki antzekoa. Halako gizon bajuto bat.
- Baltzingo: beltzarana, beltzuzkina. Haren semea beltzingo bat da.
- Beluko: berandukoa, berantiarra. Beluko madariak. Beluko meza.
- Buruto: buruhandia. Gorputzez txikia baina burutoa da.
- Derditxadu: galanta, ederra, ugaria. Euri zaparrada derditxadua egin du. Belarra derditxadu dago aurten.
- Fazil: erraza. Fazil esaten da, baina egiten gaitzago da.
- Goizetiko: goizetik datorren jeneroa. Goizetiko sagarrak.
- Hotzakil: hozbera. Hori neskatoa hotzakil garbia da.
- Jaseko: egokia, aproposkoa. Jaseko mutila hartu du ezkontzeko.
- Kolorga: zurbila, zurixka. Gaisorik egonda ostean aurpegia kolorge geratu zaio.
- Luzanga: luze antzekoa. Hori egiteko oihal luzanga bat beharko nuke.
- Makal (ez izan): itzela izan. Ez da makala hori behar hori berak bakarrik egin badu.
- Makar: txikerra, berdingoa. Mutil makarrak ibili dira elizpean jokoan.
- Mengel: ahulari edo meheegiari esaten zaio. Ile mengela. Arropa mengela.
- Ohidalango: handitxoa, dezentea. Ohidalango etxea egin dute, seguru.
- Ohidalezko: ohidalangoxea. Ohidalezko errieta egin dio amak.
- Pika: malkartsu, aldapatsu. Aldats pika dago horien etxera joateko.
- Txiker: txikia. Bide beretik txikertu (egurrak), txikerretan (umetan).
- Zal: gogor. Mutil zala. Okela zala.
- Zelebre: umore, txispa edo etorri handikoa. Gizon zelebrea zen, umore handikoa.
3.4. Adberbioak
3.4.1. Toki adberbioak
- Paraje eta asago erabiltzen dira batez ere beste leku batzuetan hur/hurrean eta urrin/urrun esaten denaren ordez. Gatika paraje-paraje dago Mungiatik. Asago joan barik ere ikusten dira holakoak.
3.4.2. Modu adberbioak
- Agirian: ikusten dela, agiri dela. Paparra agirian dela joan da.
- Apropos: gurata, nahita, berariaz. Horrek apropos jokatzen du horretara.
- Aratinik edo aratinez: ahoz gora etzanda. Ez naiz kapaz aratinik lo egiteko.
- Bestela: ederto. Bestela bizi gara gure etxetxuan, pisu zuloetan barik.
- Dandarrez: tatarrez, narras. Igo itzazu prakak gora, mendelak dandarrez dituzu eta.
- Erreska(da)n: ilaran. Ume guztiak erreskan sartzen dira eskolara.
- Eskapan: iheska. Gugandik eskapan dabil.
- Honetara, horretara, hatara: honelan, horrelan, halan. Horretara barik, honetara egingo ditugu zuzenketak.
- Karran, karraderan, karra-karraka: arineketan, arrapaladan, arin-aringa. Karraderan joan naiz beraren atzetik. Karra-karraka etorri da.
- Laudardan: dardakadan, ikara handiaz. Pelikula ikusita ostean, laudardan zegoen lorik egin ezinik.
- Onean: onez. Horrekin hoba duzu onean egotea.
- Sailen: ordenan. Sailen-sailen errepasatuko ditugu hitz guztiak.
- Txarrean: gaizto jokatuta. Txarrean harekin ez dago zereginik; temosoa da.
3.4.3. Denbora adberbioak
- Akabuan: azkenean. Baietz esan bai, baina akabuan inor ez da agertu.
- Artean, arterago: lehen, lehenago. Orain gutxi ikusten dira, baina artean asto gehiago zegoen.
- Atoan: segituan, momentuan, berehala. Atoan dator negua, igarri ere egin barik.
- Belu: berandu. Goizean lokartu eta belu etorri da klasera.
- Daborduko: honezkero. Ailegatu da daborduko autobusa.
- Gesu baten: behingoan, berehala. Gesu baten etorriko da.
- Hara, -rik hara: berri. Jatekoa egin hara dago. Oherik hara topatu dugu.
- Hondino(karren): oraindino. Etxeko lanak amaitu gabe dituzu hondino?
- Lantzean: noizean. Lukiak lantzean oiloren bat eroaten digu.
- Noizik behin(ean): noizean behin, lantzean behin. Noizik behin gela garbitu eta txukundu egin behar da.
- Noizgura: gura den bakoitzean, edonoiz. Zatoz noizgura hurrengoan ere gurera.
- Ostera be(re): berriro. Lehen denda itxita egon da, ostera ere joan beharko dut.
- Segiduan: berehala, jarrai-jarraian. Ordua da eta etorri segiduan etxera.
3.5. Postposizioak
- Adi: begira. Aurrera adi. Atzera adi. Nora adi zaude ba?
- Arrimuan: babesean. Arbolaren arrimuan egin genuen hamaiketakoa.
- Barik: aurretik, orduko. Zazpiak barik ez duzu hemen aurkituko.
- Bueltan: aldean, partean. Negu bueltan beti joaten da oporretan.
- Erara: bezala, modura. Beti zure erara egin behar dugu dena.
- Fabore: alde. Ni beti Barriolaren fabore.
- Gora: aurrera. Udaletxetik gora joanda helduko zara Goietara.
- Inguru: edo, gutxi gorabehera. Hamar inguru apuntatu dira ikastaroan.
- Mesederako: onerako. Gauzak ondo egitea geure mesederako baino ez da.
- Nahastean: batera. Mendira denak nahastean joaten gara, zahar eta gazte.
- Orduko: (heldu) baino lehen. Etxera orduko ogia erosi behar dugu.
- Ostean: ondoren, eta gero. Eguerdatean, beharrak egin eta ostean, hamaiketakoa jaten zen.
- Paraje: hurbil, gertu. Agirre jauregia udaletxetik paraje dago.
- Pentzura: -en kontura. Berrogei urte egiteko eta gurasoen pentzura bizi da.
- Porasuz: indarrez, puruz, ahaleginez, poderioz. Eginaren porazuz ikasten da.
- Pregunte: galde(zka). Nire pregunte badatoz, atoan bueltatuko naizela esan mesedez.
- Puntuan: egin-eginean. Itxaron pitin baten, amaitzeko puntuan nago eta.
- Zuzu(an): zerbaiten atzetik, afanean, lehian. Auto berriaren zuzuan dabil.
3.6. Juntagailu-lokailuak
- Dana dala: edozelan ere, hala ere. Iritzi desberdinak daude, dena dela, nik berari sinesten diot.
- Ezpada ze: baino, baizik. Etxea ez da teilatutik hasten, ezpada ze behetik gora egin behar da.
- Halanda ze: beraz. Esan dizu zer egin behar duzun, halanda ze ekin lanari.
- Nahi: nahiz, zein. Alperrik da: nahi batari esan, nahi besteari esan, kasurik ere ez.
- Osterantzean: bestela, ostean. Erdu arin, osterantzean ez dizute sartzen utziko.
- Ostera: baina, ordea. Gu behar eta behar; horiek, ostera, beti kanporik kanpo.
- (Ze) ezpabere: bestela, osterantzean. Hartuizu euritakoa, ze ezpabere busti-busti egingo zara.
- Zein: edo. Handia zein txikia izan, ez dio lebarik.