Esaera zaharrak dioen moduan, umeak beti izango dira ume, hemen eta Parisen. Baina azken hamarkadetan bizimoduak aldaketa itzelak izan ditu, eta horrek eragin handia izan du umeak hazteko eta hezteko moduan.
Nondik datoz umeak?
Lehen umeei nekez ematen zitzaien gai honi buruzko azalpenik. Galdetuz gero, zikoinak edo miruak ekarrikoa zela, medikuak ekarri zuela, edo parterak Frantziatik ekarrikoa zela esaten zieten. Gainera, ez zegoen umea mutila edo neska izango zen jakiteko modurik, eta triparen formaren arabera asmatzen ahalegintzen ziren.
Mundura etortzea
Gaur egun ume guztiak ospitalean jaiotzen dira; lehenago, berriz, etxean jaiotzen ziren, emaginak edo parterak, edota auzoko andreren batek lagunduta. Inoiz medikuari deitzen zioten baina ez zen ohikoena. Etxekoek, partera zetorrenerako ur beroa eta izara-zatiak edukitzen zituzten prest.
Jaioberriaren lehen zaintza
Ume jaioberria, lehenengo, ur epelarekin garbitzen zuten. Gero, tripako zila ondo lotu eta oihalak eta paxa ipintzen zitzaizkion gerri inguruan estu-estu batuta. Gainetik etxean egindako arropatxuak janzten zitzaizkion: faldoiak eta puntuzko txaketatxuak.
Bataioa
Umea jaio, eta ahalik eta lasterren bataiatzen zuten induljentziak irabazteko. Amamak, parterak edo amabitxiak eramaten zuen umea elizara. Haurra makal jaioz gero, etxe-bautizoa ere egiten zitzaion. Izena gurasoek aukeratzen zuten. Ez zen ospakizun handirik egiten, baina bataioaren ostean, aitabitxiak konfiteak eta txanponak botatzen zizkien umeei elizpean.
Bularra
Umeak bularrarekin hazten ziren, eta amak esnerik eduki ezik, asteme- edo behi-esnea ematen zioten urarekin nahastean. Aberatsen etxeetan añak egoten ziren, aña freskak. Emakume hauek bularra ematen zieten, bai euren umeei eta bai inorenari.
Begizkoa
Begizkoa seinari zein ganaduari egiten zitzaion. Nork edo nork seinari begizkoa eginez gero, gaixotu eta, batzuetan, hilzorian jartzen zen. Sendatzeko, hainbat modu zegoen: umea sasimedikuarengana eroan, promesak egin, gerrian kutunak ipini...
Amaren berrogeialdia
Erditu ostean hiru-lau egunez ama ohean egoten zen eta berrogeialdian etxe inguruan ibiltzen zen, harik eta eliza-sartzaitea edo eliza-sartzea egin arte. Orduan umea eta kandela bat hartuta joaten zen elizara eta elizpean itxaroten zion abadeari. Bedeinkazioa hartu eta gero sartzen zen barrura.
Andre-ikustea
Familia eta auzoko andreak bisitan etortzen zitzaizkion ama erdiberriari. Opariak eramaten zizkioten: oiloa, ardo gozoa, gailetak... Indarberritzeko, oilo-salda ona zela uste zuten.
Seinaren jantziak
Ume jaioberriak etxean egindako txaketatxu eta faldoiekin-eta janzten zituzten. Gaurko janzkerekin, kanpotik baino alde handiagoa zegoen barrutik. Orduko oihalak edo sein-trapuak telazkoak ziren eta eskuz garbitzen zituzten. Geroago etorri ziren hiru puntakoak.
Kuma edo sehaska
Kumak egurrezkoak ziren, arotzak egindakoak; zumitzezkoak ere bazeuden. Kulunkadunak ziren gehienak; amak, beste zeregin batzuetan zebilen bitartean, oinarekin eragiteko modukoak. Koltxoiak lastozkoak ziren, eta gainetik izarak ipintzen zitzaizkion. Orduan ez zegoen ez kotxetxurik, ez sillarik, ez motxilarik. Ama sorora zihoanean, berarekin eroaten zuen umea astotzara batean sartuta. Eta, osterantzean, lepoan hartuta.
Oinez ikasten
Baserrian, umeek berez ikasten zuten oinez, bakarrik. Jesarlekua lurrean etzanda ipini, eta lau hanken barruan sartzen zituzten. Han ikasten zuten zutik jartzen. Lehenengo lautxakur edo katamar hasten ziren. Etxe batzuetan, geroago, taka-takak eduki dituzte, oinez ikasten laguntzeko.
Berbaz ikasten
Umeek etxean ikasten zuten hitz egiten, gurasoei eta neba-arrebei entzunda. Batzuei asko kostatzen zitzaien ikastea, eta kasu horietan umeak San Felicisimora eroaten zituzten, Deustura.
Seinen zaintza
Alaba zaharrenek jagon behar zituzten umeak. Etxe batzuetan neskameak edukitzen zituzten seintzain. Oiak bigundu eta haginak irteten hasten zirenean, amorrua kentzeko, ogi-azala, oilaskoaren hezurra edo koilaratxua ematen zitzaien umeei. Eta mina arintzeko, eztia.
Eskola eta baserriko beharrak
Umeak sei-zazpi urterekin hasten ziren eskolara. Baina huts asko egiten zuten, etxeko lanetan lagundu behar izaten zutelako: itaurrean, ganaduak jagoten, neba-arreba gazteagoak zaintzen... Sarri, egun osorako joaten ziren, eta eguerdirako jatekoa eramaten zuten: txokolatea eta ogia gehienetan.
Haginak jaustea
Sei-zazpi urte betetakoan, lehenengo haginak jausten dira. Esne-hortzen bat loka zegoenean, hari batekin lotu eta tiraka kentzen zen. Gero, hagin hori teilatura botatzen zen, Maritxu Teiletakorentzat. Errezitatu bat zegoen horretarako.
Urtebetetzeak
Gaur egun, umeen urtebetetzean opariak, meriendak eta jai handiak egiten dira. Gure aitita-amamen sasoian, ostera, ia ospatu ere ez zen egiten. Asko jota txokolatea edo bizkotxoren bat prestatu eta haxe hartzen zuten.