Umearekin berbetan

Berbakera berezia darabilgu umetxuekin berba egiteko: esaldi errazak dira, eta oso adierazkorrak. 

  • Umeak erreferente argia izateko, ni, zu eta halako izenordeak erabili beharrean, zalantza bako izenetara jotzen dugu: ama, aita, umea... Ad: Zer egin du umeak? (= zer egin duzu?).
  • Maitasun hitzekin zuzentzen gatzaizkio: gure neskatila, pitxin, txikerra, laztana...
  • Onomatopeiak, txikigarriak eta ume berbakerako hitzak erabiltzen ditugu.
  • Seina oraindik berba egiteko gauza ez bada ere, elkarrizketaren parte bihurtzen dugu, galderak eginez: Zer laztana, hartuko dugu biberoia?
  • Badira esaldi batzuk umeekin bakarrik erabiltzen ditugunak. Eurekin egiten ditugun ekintzak edo sortzen zaizkigun egoerak dira: Zelan daukazu izena, polita? Ez dakizu? Edo katuak mihia jan dizu? 

Maitasuna adierazteko berbak

Sarritan, umearekin hitz egitean, bere izena erabili beharrean, beste berba batzuk erabiltzen ditugu; aurretik gure, neure edo gure etxeko esanez, eta izena edo adjektiboari -txo, -txu gehituta: 

babalorea, bihotza, ederra, kutuna, kuskurtxua, laztana, laztantxua, maitea, mutiltxua, neskatotxua, neure, pitxin(txu), polita, pospolin (neskatoei), potxola (neskatoei), potxolo (mutikoei), potxon, seina, txikerra, txikina, udaberriko lorea, zurrukutuna…

  • Ia bihotza, esan amatxuri zer egin duzun gaur eskolan.
  • Gure etxeko txikerrak oraindino ez dauka haginik.
  • Erdu hona pitxin. Zapatilaren soka soltuan daukazu eta.
  • Gure pospolina oinez ibiltzen hasi da.
  • Zer duzu laztana? Non egin duzu min?
Arg32 Hamen gure etxeko pospolinak. (1.2.2.)

Mimatzeko eta txalotzeko esaldiak

Ondo egiten dituen gauzak txalotu eta goraipatu egiten ditugu, berriro ere ondo egin ditzan:

  • Den-dena amaitu duzu! Txapelduna!
  • Baina zein ondo margotu duzun! Ederto!  Zelako neskato handia!
  • Polito-polito egin dituzu eskulanak. Baliente!

Umearen beharrizanei erantzuten diegu:

  • Zer gura duzu, polita? Mama gura duzu?
  • Loguraz erreta zaude. Lolo egingo dugu, bai?
  • Esan aitatxuri, non daukazu pupu?
  • Punbala egin duzu? Patxu batekin osatzen da hori.
  • Dena jaten baduzu, mutil handia egingo zara. Bai horixe!
  • Txizalarri zara? Lasai, oraintxe joango gara komunera.

Mimatu eta goxatu egiten ditugu:

  • Nor da gure laztantxua?
  • Nor da aitatxurena?
  • Ekarzu musutxua, polit horrek!
  • Zenbat zara amatxurena?
  • Non dauka kili-kili umeak? Nori egingo diot nik kili-kili?
Arg33 Ederto margotzen duzu! Txapelduna! (1.2.2.)

Haserre egiteko esaldiak

Interjekzioak eta egitura jakinak erabiltzen ditugu.

  • Zer egin duzu, barrabas horrek? Harrapatzen bazaitut harrapatu! Horra banoa joan!
  • Ajjj! Kaka da hori! Bota! Ez hartu lurreko gauzarik.
  • Saskila zer zara ba! Dena laskitu duzu.

Keinuak eta plantak egiten ditugu.

  • Tas-tas egiten badidazu, negar egingo dut.
  • Musurik ematen ez badidazu, triste-triste egongo naiz.

Umea geureganatzen saiatzen gara.

  • Ez zaizkit batere gustatzen holako mainak. Ez zara, ba, neska handia?
  • Motz-motz zaude gero, haserretzen zarenean!

Umea nagusitu ahala, lehorrago eta gordinago egiten diogu errieta.

  • Jan ezazu ganoraz, txerrikeriarik egin barik.
  • Amaitu itzazu etxeko lanak, bestela ez zara kalera irtengo.
Arg37 Egon zaitezte bakean mesedez, barrabaskerietan ibili barik! (1.2.2.)

Beste ekintza batzuk

Hona umeekin edo umeei buruz sarri esaten ditugun aditz batzuk:

  • Agur-agur egin: agurtu. Aitatxu badoa. Egin agur-agur!
  • Altzoan hartu / eduki: magalean, nagusia eserita dagoela. 
  • Arretxikoan edo txikoan erabili: sorbalda gainean.
  • Atzekoz aurrera ipini: arropa alderantziz ipini. Han! Jertsea atzekoz aurrera ipini duzu!
  • Aupa hartu: umea altxatu. Aupa gura du umeak?
  • Iruntzitara ipini: arropa erara ez dagoenean, barrukoa kanpoan. 
  • Lepoan hartu / eroan: umea besoetan hartu.
  • Lo eragin: lo eginarazi, lo egiten lagundu. Bakarrik nekez lokartzen da, lo eragin behar izaten diot.
  • Lotan ipini, lotara eroan: lo egitera eraman.
  • Pa bota / eman: musua bota / eman. Bota pa amamari, badoa eta.
  • Polita egin: laztandu. Egiozu polita-polita Mireni, pupu dauka eta.
  • Tardantza eman / eskatu: umea aspertuta-edo badago, esaten zaio baten batengana joateko, tardantza eskatzeko edo emateko. Joan izekoarengana eta esan tardantza emateko.
  • Umeari eragin: kotxetxua edo sehaska mugitu, umea lasaitzeko; zabuetan bultzatu.
  • Tati egin: gauza bat eskaini eta gero eman ez. Tati amari? Ai, ai, ai!
  • Zintz egin: mukiak ateratzeko indar egitea. Mukitxuak dauzkazu? Egin zintz, ea.
Arg40 Umea nekatuta dagoenean, txikoan eroaten du aitak. (1.2.2.)