Umea deskribatzeko eta berari buruz berba egiteko hainbat berba eta esaera dago aukeran.
Hamen gure aingerutxuak
Adurtia, aduztoa: adurra dariola dagoena, aho ingurua beti bustita duena.
Aingerua: ume txikia, jaioberria; ume ona. Horra, gure aingerutxua lotan.
Aldiztoa: gorabeheratsua.
Amako, amatona: bere adinerako oso handi dagoen neskatoa.
Amatarra edo aitatarra: amaren edo aitaren etxekoen antza daukana. Zaharrena amatarra da, txikerra ostera aitatarra.
Amazuloa edo aitazuloa: beti amarekin edo aitarekin egon gura duena.

Argizarizkoa dirudi
Arbina: bizia, mugitua, urduria.
Argizarizkoa: azala leun eta zuri-arrosa duena.
Arteak hartu ezinekoa: urduria, lotu ere egiten ez dena.
Astakiloa, astokoa: gauzak indarrez egiten dituena, kontuz ibili barik. Liburua apurtu duzu astakilo horrek!
Ausarta: ikaratzen eta kikiltzen ez dena.
Astopetriloa: astakiloa, gauzak indarrez egiten dituena.
Bakezkoa: baketsua.

Barretsua zer da bera ba!
Barrabana, barrabasa: okerkeriak egiten dituena.
Barretsua: barre asko egitekoa.
Bedeinkatuzkoa: polita, ederra, ona; zoragarria. Bedeinkatuzko umea daukazue.
Beldurtia: erraz ikaratzen dena. Ume hau baino beldurtiagorik! Txakurrik ere ezin du ikusi parean.
Berbalapikoa: berba asko egiten duena, berritsua.
Berbatia: berba eta berba egiten duena.
Bihurria: okerkeriak egiten dituena.
Deskantsuzkoa: trankila, baketsua. Deskantsuzko umea daukate, gau osoan lo egiten duena.

Esanekoa da gure mutila
Dena gurakoa: inoiz konforme ez dagoena.
Eperterrea: geldi egon ezinekoa, ipurterrea.
Epertikara: geldi egon ezinekoa, ipurdikara.
Eragina: asko mugitzen den umea.
Erkina: eskasa, argala, ahula...
Erretxina: denagatik protesta egiten duena, inoiz pozik ez dagoena.
Errondalaria: gauez lo gutxi egiten duena.
Esanekoa: agintzen zaiona egiten duena.
Esan txarrekoa: esaten zaiona betetzen ez duena.

Gure umea jatuna da
Eskuluzea: jotzailea. Eskuluzea zara zu, gero! Tas-tas ez da egin behar.
Gautxoria: gauez lo gutxi egiten duena.
Jakana: gutxi jaten duena.
Jan txarrekoa: jakana, gutxi jaten duena.
Jatuna: denetarik jaten duena. Jatun ona da, ez dauka jateko txarrik.
Kakapirria: itxaroten ez dakiena. Kakapirri galanta zara gero! Zeure txandari itxaroten ikasi behar duzu.
Kantsagarria: astuna.

Loti hutsak dira!
Koipelustrea: gogaikarria.
Koipeztoa: gogaikarria, koipelustrea.
Kokola / kokoloa: inozoa; buru gutxiko neska / mutila. Ez egin negarrik, kokola; ez da ezer izan eta.
Koplatsua: kopla, imintzio eta kontu asko egiten dituena.
Kriantzabakoa: lotsabakoa, kriantzagabea.
Leloria / lelorioa: lela edo leloa esateko modu samurragoa. Zer pentsatu duzu, lelorio? Amak alde egingo dizula?
Loditoa / loditona: potoloa, lodikotea.
Lotia: lo asko egitekoa.
Lo txarrekoa: lo ondo egiten ez duena.

Zu ez zara bat ere lotsorra e!
Lotsabakoa: inoren aurrean kikiltzen ez dena.
Lotsorra: lotsatia, erraz lotsatzen dena.
Mainatia, mainatsua: edozergatik negar eta mainak egiten dituena.
Mamala, mamarra: buru gutxiko neska, kokola.
Matraka: bihurria.
Mazala: trankila, lasaia, ona.
Meharka: argala.
Memeloa: mutil leloa, inozoa.
Mika: jan txarrekoa, gutxi jaten duena.
Mimotia: mainatsua, mainatia.
Mirrina: txikia, eskasa.

Nor da musumerke galanta?
Mizkea edo mizketua: mimatua, mizka hezitakoa. Txikitatik gura duena egin du, eta orain mizketuta dago.
Morroskoa: mutiko sendoa.
Mozoloa: mutil barea, odol gutxikoa.
Musumerkea: musuak erraz ematen dituena. Bata musumerkea da eta besteak ez dauka musurik inorentzat.
Negartia: negar asko egiten duena.
Okerra: bihurria, gaiztoa. Ez da ume okerra baina bai geldi egon ezinekoa.
Onegia: on hutsa.
Parobakoa: gelditu barik dagoena.
Pastela: trankila, mazala. Hau baino ume pastelagorik! Mugitu ere ez da egiten.

Hara zelako sorgin-mitxi parea!
Pikuluzea: berritsua, dena kontatu behar duena.
Potola / potoloa: neska / mutil loditxua.
Potxola / potxoloa: neskato / mutiko gozoa, atsegina, samurra.
Purruteroa: purrut asko egiten duena, uzkertia.
Sapazta / sapaztoa: sapak dituena, ileak ganoraz orraztu barik dituen neskatoa / mutikoa.
Saskila: lohia, zikina. Lohitu duzu atzera ere jantzia; saskila zer zara ba!
Sorgina: neskato bizia, argia.
Sorgin-mitxia: neska bizia, argia, bizkorra. Zer darabilzu sorgin-mitxi horrek?

Ezetz igarri zein den gure tarratolatxua!
Sudurluzea: dena jakin gurakoa.
Supita: asko dakiena, sasijakintsua. Ez da inorenean supita legez ibili behar.
Tarratola: neska loditxua.
Tatalona edo totolona: neska loditxua.
Totola / totoloa: lodikotea.
Trankila: lasaia, barea, mazala.
Tranpa hutsa: tranpa asko dakiena. Denbora gutxian asko ikasi du, tranpa hutsa da.
Trastoa: bihurria, okerkeriak egitekoa.
Tretosoa: mainatia, erraz haserretu eta adiskidetzen dena.
Tripontzia: asko jaten duena. Utzi ezazu zerbait besteontzat ere, tripontzi horrek!

Ume ugaria izan arren, uretan trankil-trankil egoten da
Txaplata: bizia, berritsua.
Txatxala: berba asko egiten duena. Isilduko zara behingoz txatxala hori!
Txerrita / txerritoa: neska / mutiko lohia, saskila, zikina.
Txotxola / txotxoloa: neska / mutil inozoa, kokoloa, memeloa.
Ugaria: asko mugitzen dena, geldi egon ezinekoa.
Umemokoa: umegorria. Umemoko batek norberari barre egin? Pentsatu ere ez!

Urdin-urdina da gure mutikotxua
Umezorria: zuhurra. Aditu zertan dabilen orain ere hori ume zorri hori!
Urdina: azalera zurikoa.
Zaharkotxa / zaharkotxoa: nagusien plantak eta esakuneak dituen neskatoa / mutikoa.
Zapia: trastoa, bihurria, tranpa asko dakiena. Kanpora hemendik, ume zapiok!
Zapieskola: asko dakiena, sasijakintsua.
Zitala: gaiztoa, doilorra. Zitala zer zara ba! Utziozu txakurrari baketan!
Zolia: ernea, bizkorra.

Zelan dago umea?
Logurak erreta dago koitadua!
Adurra / mukia dariola: adurra edo mukiak jarioka. Hoztu edo egin da, mukia dariola dago eta.
Arrantzaka: negarraldi zaratatsuan.
Artega: urduri. Artega dago gaur, minen bat edo dauka.
Goibel: gogoilun, triste.
Logurak erreta: logura handiarekin.
Lo-haserrearekin edo lotxarriarekin: lo egin osteko gogo txarrez. Itzartu berri dago, eta lo-haserrea dauka oraindik. Lo-oste txarra dauka.

Pozarren daude uretan!
Muxak hartuta: haserre, bekoki iluna jarrita.
Negar anpuluka: negarrez, anpulu lodiak isurtzen.
Negar batean: negar eta negar.
Pozarren: poz-pozik. Pozarren egoten dira uretan. Irteteko beti erromeriak!
Pozaren pozez: poz-pozik.
Sokorruka: zarataka, deiadarka.
Treta hartuta: haserrearen haserreaz negarrari ekiten dionean.
Zeloek erreta: jeloskor. Txikerra jaio zenetik, nagusia zeloek erreta dago.
