Esakuneak

Umea zelakoa den esateko, konparazioak erabiltzen ditugu sarritan. Umeen izaerari eta jokabideari lotutako hainbat esakune eta esaera zahar ere baditugu.

Maite-maite dugu umea....

  • arrainak ura baino maiteago dugu
  • begi ninia bezain maite dugu
  • txoriak bere umeak baino maiteago dugu
  • bi begiak baino gehiago maite dugu

... honelakoxea da eta!

  • azukrea baino gozoagoa
  • babalorea baino ederragoa
  • eguzki biren moduko begiak ditu
  • eztia bezain gozoa da
  • Gargantuak baino gehiago jaten du
  • harria baino gogorragoa da
  • izarren pareko ederra da
  • luma baino arinagoa da
  • masustak baino bigunagoa da
  • ogi puska bezain ona da
  • pospolina baino txikiagoa da
  • tximista bezain arina da
  • txindorra baino bizkorragoa da
  • txoria udaberrian baino alaiagoa da
  • urrea baino garbiagoa da; urrea baino ederragoa da
  • zapaburua baino txikiagoa da
  • erlea baino zuhurragoa da
Arg65 Beste ezer baino gehiago maite dugu geure umea. (1.2.5.)

Negarrari buruzko esakuneak

Egin dezala negar beldur barik, tripa zila osatuta dauka eta.
Negar egitearren ez zaio ezer txarrik pasatuko.

Haurrak negarrik ez, titirik ez.
Gauzak lortzeko zarata, protesta edo negar egin behar dela adierazteko.

Lo egiteko, kantatu egin behar du umeak.
Nekearen nekez negar egiten dute umeek, loak hartu aurretik.

Negar eta barre, kaka berde.
Negar eta segidan barre egiten duen umeari esaten zaio.

Norberaren gibela platerean ikusi arte ez da negar egin behar.
Txikikeriengatik negar egin ez dezan esaten zaio umeari.

Tanbolin bako erromeria.
Umea negarrez dagoenean esaten da.

Umea hazten da negarragaz eta garia bedarragaz.
Umeak negar egitea gauza normala da.

Arg70 Negarrik ez, titirik ez. (1.2.5.)

Guraso berrientzako kortesia formulak

Hatz-behatzak ondo ekartzea, nagusi.
Umea osasuntsu jaiotzeko guraria.

Osasunez hazi dezazuela.
Hala esaten zaie gurasoei, umea ezagutzean.

Bestelako esakuneak

Hau da gure mutila, jateko opila.
Mutikoei esaten zaie, onespenez.

Kiketza, zaharrentzako hiltzeko eta umeentzako hazteko.
Baten batek txotina daukanean esaten da.

Arg71 Hau da gure mutila, jateko opila. (1.2.5.)

Atsotitzak

Aharrausi luzea, logura edo gosea.
Umeak aharrausi egitean esaten da.

Eroriz, eroriz, oinez ikasten.
Saiatuz lortzen dira gauzak.

Haurrak, haurlan.
Umeek umeen beharrak eta umeen gauzak egin behar dituztela adierazteko esaten da.

Inoren etxeko umeak erraz hazten dira.
Hala esaten zaio inoren umeez aholku ematen duenari.

Inoren umea beti txarra.
Inoren umeengatik txarto esaka dabilenari esaten zaio.

Maitasuna botikarik onena.
Umeek min hartzen dutenean, gurasoen laztana edo musua izaten da sendabiderik onena.

Oraingo umeak begiak zabalik jaiotzen dira.
Gaur eguneko umeek asko dakitela adierazten du.

Ume bat duenak pena bat, asko dituenak pena asko.
Zenbat eta ume gehiago izan, buruko min gehiago.

Ume jaio eta ume bihurtu.
Zahartzen garenean, berriro umetu egiten garela adierazteko erabiltzen da.

Umeak eskolan, etxean bakea. 
Umeak kanpoan direnean, lasaitasun itzela izaten da etxean. 

Umeak etxean entzuten duena, kanpoan esaten du.
Inork jakiterik nahi ez duzuna, ez umeen aurrean esan.

Umeak jolasean, zaharrak egonean.
Adin-tarte bakoitzari egoera desberdina dagokio.

Umeak geldi egon ezin eta zaharrak ibili ezin.
Lotu barik dabilenari esaten zaio.

Umeak hazi eta hezi.
Umeak txikitatik hezi behar direla adierazten du.

Umeak hazi eta nekeak bizi.
Umeak hazteak neke, ardura eta buruhauste galantak ematen ditu.

Umeak ume, hemen eta Parisen.
Umeek antzeko jokabidea dute leku guztietan.

Umeek begi handiak eta tripa txikerra.
Umeek begiekin jaten dutela adierazten du.

Umeak umeari begi argi. 
Umeak umeengana joaten dira, beste ume batzuekin egon nahi dute.

Umearen zentzuna, etxean entzuna.
Umeak etxean ikusitakoa ikasten du.

Umeek zer ikusi, ha ikasi.
Inguruak eragin handia dauka umeen jokabidean.

Umeekin ohera doana, kakaztuta jagiten da.
Ganorabakoekin dabilenak ez du gauza zuzenik egingo.

Umerik ez dagoen etxea, tristea.
Umeek, buruko minak bai baina atsegin-poz ugari ere ematen dituzte.

Umerik ez daukanak, umeminik ez, eta buruko minik ere ez.
Seme-alabarik ez duenari esaten zaio, umeak hazteak buruko min ugari sortzen dituelako.

Umetan ikasten dena, betirako izaten da.
Umetan ondo ikasitakoa, nekez ahazten da.

Umetik gizona nekez.
Gizon egiteko denbora behar da.

Umeak gurasoen ispilu.
Umeek gurasoen antza izaten dute.

Zelako umea, halako gizona.
Umea txikitatik hezi behar da.

Arg77 Umerik ez dagoen etxea, tristea. (1.2.5.)