Ume hizkera

Umeei hizketan erakusteko, moldatu egiten dugu geure berbakera: esaldi labur eta zuzenak erabiltzen ditugu, goxoago egiten dugu berba, eta hitzen bertsio erraztu eta adierazkorrago bat erabiltzen dugu, umeentzat esateko errazagoa delakoan. Hona ume berbakerako ezaugarri batzuk:

  • Onomatopeia asko erabiltzen da, berba arrunten ordez: haginka egin esan beharrean, kausk; jo esan beharrean tas-tas (egin)...
  • Animalien izenak ere onomatopeien bidez adierazten dira: kokoko, ababau, bekereke...
  • Monosilaboak eta bisilaboak erabiltzen dira. Sarritan silaba bera errepikatuta: pa, papa, mama, txetxe, kaka...
  • Sarri berba berriak sortzen dira, umeak jatorrizkoak ahoskatu ezin dituelako: babitu (garbitu), papatak (zapatak), kakelo (saskeldoa)...
  • Berbak artikulu barik erabiltzeko joera dago: Non dago tototxu?; Nork gura du koko?...
  • Gozoago berba egiteko, x modura ahoskatzen dira s eta z hotsak: xu, egixu barretxu bat.
  • Aditzak jokatu barik erabiltzen dira: pa (eman), lolo (egin)...

Umeak hazi ahala eta berba egiteko trebetasuna garatu ahala, berbakera arruntera bideratzen ditugu, normal hitz eginez. 

Basozabalgo Felisa Atelak kontatzen dizkigu gai honen inguruko kontuak.

Felisa Atela
Basozabal

Ume hizkerako berba batzuk

(A)babau, uau-uau: txakurra 
Abo-abo: loak hartzeko umeari eragiten zaion doinua.
Aka egin: amaitu.
Alala: ondo. Alala egin duzu!
Andi-andi: paseoan joan.
Ap: zeozer hotz dagoenean esaten da.
Apapa(n): paseoan joan; alde egin. Apapan egin digu katutxuak!
Apatxe (egin): jesarri. Egizu apatxe, nanan egiteko.
Atatan: paseoan.
A(u)pa: umea sehaskatik-eta altxatzean esaten da. Altxatu gura duzu? Zatoz, ba, aupa! 
Babitu: garbitu. Orain aurpegia babituko dugu.
Bee, bekereke: ardia.
Binbili-bonbolo: bilintza-balantzaka, kilin-kalan.
Burrun-burrun: traktorea, kamioia, motorra... Burrun-burrun dator han.
Danba: kolpearen zarata.
Dilin-dalan: kanpaiak; kolunpioan ibiltzea. Ibiliko gara dilin-dalan?
Din-dan: kanpaiaren hotsa adierazten du. Din-dan, nor hil da? Peru zapataria.
Dringili-drangala: kumaren kulunka adierazteko erabiltzen da.
Et: ez. Et-et-et, hori ez da egin behar!
Fu: sua.
Fu egin: putz egin.
Glaun-glaun: irenstearen zarata.
Gol (egin): baloia, pilota; baloiari ostikada eman. Ea zelan egiten duzun gol. 
Kaka: zikinkeria, gauza lohia. Kaka da hori. Bota!
Kakelo: saskeldoa, saskila.
Kausk egin: haginka egin, batez ere txakur txikiei buruz. Kontuz totoarekin, kausk egingo dizu eta. 
Kili-kiliak: kilimak.
Kis-kis egin: ebaki, bereziki ilea. Ze guaporik! Nork egin dizu kis-kis?
Koko: gozokia, txokolatea... Bai goxoa, koko!
Kokoko: oiloa.
Korrok: goranzkoa. 
Kuku egin: ezkutalekuren batetik burua atera, edo aurpegia estalita umearekin jolasteko erabiltzen da.
Kukurruku: oilarra eta bere kantua.
Kurrin-kurrin: txerriaren irrintzia; txerriei deitzeko ere erabiltzen da.
Lolo (egin): lo egin. Ixilik egon, umetxua lolo dago eta.
Maina: mimoa, benetako negarra ez dena. Ez ezazu egin mainarik!
Mama: ura, edozein edari. 
Mamarro: zomorroa. Kontuz, mamarroa zapaldu barik.
Mau-mau egin: jan.
Mixina, mitxina: katua.
Mix, mix: katuari deitzeko erabiltzen da. Mix, mix, erdu hona mixina!
Mu: behia eta bere ahotsa. Zelan egiten du behiak? Muuuuu.
Nanan egin: jan. Umea gose-gose da? Oraintxe egingo dugu nanan.
Obaba: umeak lokartzeko esaten da. Obabatxua lo eta lo, zuk orain eta neuk gero.
Oiñe-oiñe: oinez ibili.
Pa: musua. Esan agur eta bota pa amamari.
Papa: ogia. 
Papata: zapata. Papata berriak dituzu e!
Patan-patan: oinez.
Pato-pato: oinez ibili. Pato-pato joango gara.
Papao: mamua. Begiak edo burua estalita umearekin olgatzeko esaten da.
Periko: orinala.
Pete, tete: txupetea. Kenduizu petea, zu handia zara eta!
Pipi: txoria.
Pitilin: zakila. 
Pitxin(o): laztana, maitea.
Pitxi(txu): umearen bitxiak, pultserak, belarritakoak... Zelako pitxi politak dauzkazun!
Plast: zaplaztekoa, txaloa.
Plaust: zerbait lurrera jausten denean esaten da, umea bera ere izan daiteke.
Plisti-plasta: uretan zein basatzan dabiltzanean.
Popak: jatekoa, orokorrean. Orain popak jango ditugu.
Popota: autoa. Han! Badator amatxu popotean!
Po-po: bozina.
Potxingo: putzua. Umea potxingorik potxingo dabil.
Potxolina: alua.
Punba(la) egin: jausi. Punbala egin du umeak? Ai, ai, ai!
Pupu: min. Non egin duzu pupu laztana?
Purra: oiloei deitzeko hitza. Etorri, oiloak! Purra, purra.
Purrut: puzkerra. Nork egin du purrut?
Rapa-rapa: Oinez arin ibiltzea. 
Seina: ume txikia. Sarri etxeko txikienari esaten zaio.
Tale-tale edo tas-tas egin: jo. Tas-tas ez da egin behar, gero!
Tapa-tapa: pauso laburrez eta arin ibili. Han doa gure Ander tapa-tapa.
Tatai ibili: oinez.
Tatana: laztana, fereka. Ea, egin amatxuri tatana gozoa!
Tati egin: gauza bat eskaini, eta gero eman ez.
Tato: salto; umea lurrean uztean esaten da.
Tete: txupetea.
Titi: bularra.
Tipi-tapa: oinez. Lautxakur ez, etorri tipi-tapa.
Tirri-tarra: puzkerra. 
Tirrika-tarraka: astiro eta oinak narraz ibiltzea adierazten du.
T(x)irrin: tripako zila. Erakutsi tripatxua, ea zer daukazun hor. Tirriiin!
Toto: txakurra. Deitu totoari: etorri, toto!
Tuju-tuju: eztula. Tuju-tuju egin dau seinak?
Txaka-txaka: oinez, arin-arin joan. Ekarri eskutxua eta goazen txaka-txaka.
Txakala-txakala: trenaren joanari esaten zaio.
Txalo egin: txalotu. 
Txantxan: dantzan.
Txa(n)txur: umetxuaren hagina. Ene! Txatxurtxuak atera zaizkizu eta!
Txata: sudurra. Non daukazu txatatxua?
Txatxa: sagarra edo antzerako fruta.
Txetxe: ume txikia; panpina. Esaiozu kaixo txetxeari.
Txi: erre. Kontuz horrekin, txi egiten du eta!
Txut: gauza bat bero dagoela adierazteko. 
Txilibitu, txistu: zakila. 
Txin: dirua. Amatxuk emango dizu txin koko erosteko.
Txinbo: zibua. 
Txio-txio: txoriaren soinua eta txoria bera.
Txipli-txapla: uretan olgatzen ibiltzea. Bai ederto txipli-txapla!
Txirrist egin: pintxatu, indizioa jarri. Zer egin dizute gaur? Txirrist?
Txitxa: txita, oiloaren kumea.
Txitxi: okela. Lehenengo frutatxua eta gero txitxi.
Txonbo egin: uretan murgildu.
Txori: ileko zinta, lazoa. Nork ipini dizu txori polit hori? Amatxuk?
Txor-txor: berba eta berba egin.
Txurku-txurku: bularra edo biberoia hartzean umeak egiten duen zarata.
Zapi: katua uxatzeko berba. Zapi mixina! Kanpora!
Zurrut: tragoa edo zurrutada adierazten du.