Olgetak

Ume txikiekin egiten diren jolasetan, batez ere lehenengo hilabeteetan, umetxuak ikusle dira parte-hartzaile baino gehiago; adi egoten dira, helduok zer egingo. Sasoi horretarako kanta eta errezitatu asko dago: atzamarrekin egitekoak, zenbakiak ikastekoak, txaloak egitekoak, laztantzekoak, altzoan hartuta kantatzekoak…

Atzamarrekin: umearen atzamarrak ukituaz batera arrautzaren ipuintxua kontatzen da. Atzamarren ezaugarriak erakusteko ere bada beste kanta bat.

Arre-arreka, arretxikoka: nagusia jesarrita dagoela, hankak gurutzatu eta gaineko oinean jesartzen da umea, arre-arreka, zaldian balebil legez.

Bilbo erakusten: seinari besapetik oratu, eta gora-gora altxatzea.

Din-dan edo dilin-dalan: zabuka, txinboan ibiltzea. Umeari dilin-dalan eragiteko beste modu bat besapetik heltzea da, eta airean kulunkatzea, kanpaien antzera.

Eusebia Duo
Trobika-Markaida
Eusebia Duo
Trobika-Markaida
Karlos Ibarzabal-Jabi Etxegarai
Llona-Atxuri
Karlos Ibarzabal-Jabi Etxegarai
Llona-Atxuri

Jandakoa igartzen: broma moduko bat egiten zaio umeari. Baietz igarri zer jan duzun gaur eskolan esan, eta hatz-koskorrekin buruan kolpetxu bat emanda, eskua usaintzen du helduak, eta erantzunen bat bota: Gaur… arraina jan duzu!

Jatorduan: koilararekin jaten hasita dagoen umeari, entretenitzeko, hegazkin, auto eta holakoen zaratak egiten zaizkio, koilarakada ahora eman ahala. Burrun-burrun, badator kamioia, zabaldu ahoa handi-handi!

Kili-kili: esaterako, badatoz inurriak esan, eta umeari kili-kili egin besoaren barrualdean, eskumuturretik hasi eta gorantz. 

Kisketean: txingoka, hanka baten gainean.

Korroan: umeei eskutik helduta, buelta-bueltaka ibili kantaren erritmoan.

Kuika: gorde-gordeka, ezkutaketan, estaltzen.

Kukuka: leku ezkutu baten gordeka ibiltzea. Aurpegia esku artean-edo gorde, eta lantzean behin agertu, umeari kuku esanez.

Papau: ikaratzeko keinuak egin, begiak eskuekin edo beste zerbaitekin estalita.

Pitxi: jolasteko balio duen edozein pitxikeria.

Popolo: umetxuari zapiren batekin-edo burua tapatu, popolo esaten den bitartean, bere kontura kendu dezan.

Salto-saltoka: behin umeak oinez ikasita, heldu batek edo bik eskutik oratu eta salto-saltoka erabiltzen dute.

Sudurra kentzen: seinari sudurra kentzeko keinua egin, eta gero atzamar biren artetik atzamar potoloaren puntatxua erakutsiz esan huraxe dela bere sudurra. Han! Hemen daukat zure sudurra!

Tatana: laztana. Umearen eskua hartu eta bere aurpegia eta norberarena txandaka laztanduz egiten da. Polita, polita edo tatana goxo esaten da.

Tirrina jotzen: umeari zila ukitu, atzamar batekin, benetako tirrina jotzeko itxurak eginez. Non daukazu tirrintxua, ea. Tirriiin!

Topeka: bekokiekin topeka egin, aharitoen antzera, baina kontuz-kontuz. Ea zelan egiten duen umeak tope?

Trakatran-trakatran: seina belaun gainean saltoka erabili, zaldian bezala. Bitartean, trakatran-trakatran esan, edo kanta egokiren bat abesten da.  

Txalo pin txalo: eskuekin txaloka egiten den jolasa.

Txata-txata egin: norberaren sudurra umearenarekin igurtzi, eskimalen antzera, txata-txata-txata esaten den bitartean.

Txibuak: zibuak, txinboak, kolunpioak. 

Txirrista: goitik behera irrist egiteko tramankulua.

Txiribuelta: itzulipurdia. 

Pedro Elorriaga-Cecilia Bilbao
Larrauri
Eusebia Duo
Trobika-Markaida