Alkatearen agurra
Umetan, etxeko eta herriko berotasunean, ikasten ei dogu gure geroko bizitzaren oinarri izango dan gehien-gehiena. Nahiz eta gaur egun ziklo hori gero eta laburrago egin eta arinago bizi, argi daukagu gure geroan garrantzi nabarmena eukiten dauela.
Gurasoek, aitita-amamek eta ingurukoek ahoz aho transmititzen deuskuezan euskal tradizinoko ipuinak, kantak, esakerak, siniskerak eta ohiturak, gure izaera moldatzen doaz ume-umetatik. Hortxe dagoz bere, zelan ez, indartsu eta gogotsu, ikastetxeak eta ikastola, gure seme-alaben irakaskuntzako bide luze horretan laguntzeko ondo prestaturik, baliabide eta prestakuntza gero eta aberatsagoak eskaintzen.
Biak behar-beharrezkoak diralakoan, eta bien eraginak gure herriaren nortasuna eta hizkuntza indartuko dauzalakoan, argitaratu doguz unidade didaktiko honeek; gure herriko umeek geure ahotik –guraso, senide, irakasle zein herritarren ahotik– jaso eta gozatu daien.
Uste dogun baino ondare zabalagoa daukagu mungiarrok. Harro egon geintekez.
Askorentzat, txikitan −edo agian azkenengo urteotan− ikasitako eta orain erdi-ahaztuta daukaguzan berba batzuk gogoratzeko era bat izango da; beste batzuentzat, ostera, esamolde barriak ikasteko aukera ederra. Zelan edo halan, eta edozein kasutan, espero dogu material honetara hurbiltzen zarien guztiontzat gure hizkuntzagazko maitasuna eta ezagutu-nahia areagotzeko balio izatea.
Aspaldi hasitako beharra dogu eskuartean daukagun hau, 2011n eta 2012an egin zan bilketa etnografikoan oinarrituta dago. Hainbat eta hainbat lanordu izan dira gure kultur ondarea batu eta zabaltzeko asmoagaz egindakoak. Eskerrak aldez aurretik, lan horretan murgildu diran euskaltzale guztiei: informazinoa emon deuskuen lagunei eta batu daben profesional onei.
Eurei esker, gaur, mungiarrok apur bat sakonago ezagutzen dogu alkar; eta gure sustraiek herriaren etorkizuna era sendoagoan finkatzen dabela sentitzen dogu.
Baliogarri izango jatzuezalakoan, hortxe daukazuez, ba, Mungiako kontu zahar batzuk, kontatzearen porasuz, guztion artean, egunero barriztuko doguzanak.
Mungiako alkatea