Info

Mungian zaharrak barri eskolarako material osagarria da, baina etxean ere erabil daiteke, gurasoekin edo neba-arreba zaharragoekin. Hezkuntza zikloen arabera antolatuta dago, Hezkuntza Curriculumak zehaztutako edukiak lantzeko.
Lan honen helburu nagusia Mungiako neskato-mutilei euren inguruaren eta gizartearen berri ematea da, eta bide batez nagusitxuago direnei aurreko bizimodu eta tradizioen gainean gogoeta eragitea.

Material honetan, garrantzi berezia eman zaio hizkuntzari eta komunikaziorako gaitasunari, ahozkotasunaren eta erregistroen trataeran. Izan ere, egungo bizimoduak ekarritako aldaketak direla eta, ahozkotasunaren berezko transmisioa galdu edo erdi galdu egin da. Orain arte, ikasgelan landutako hizkuntza ia eredu bakarra idatzia izan da, batuarena. Ikasleak idatzizkoaren arauekin eta ezaugarriekin hezi izan dira, kontuan izan barik bertoko euskararen ezaugarriak, eta idatzizko kodea eta ahozkoa ez direla berdinak. Ondorioz, gero eta nekezago entzuten dira geure-geureak diren eguneroko esamoldeak, esaerak eta ahozko joskera eta egiturak.

Hutsune hori betetzen laguntzera dator material hau, herriko nagusiei egindako grabazioak oinarri hartuta. Gure aitita-amamek euskara jator, eder eta bizia darabilte, eta eredu hori gaur egun ere guztiz baliagarria eta jakingarria dela deritzogu. Bideoen bidez, ikasgaiari lotutako deskribapenak, kontakizunak eta azalpenak ikusi eta entzun ahal izango dituzte ikasleek, edadekoen ahotan. Entzuteaz batera garrantzitsua da irudia ere ikustea, adierazkortasunaren parte baitira keinuak eta aurpegierak, mimika, adikuneak...

Bestalde, euskara-erabiltzaileen arazo larrietariko bat erregistro falta izan ohi da. Gure proiektua eredu formala lantzen duten ikasliburuak osatzera dator: ikasleei lexiko berria jasotzen laguntzea du helburu, besteak beste. Horregatik, bertoko hizkeran datoz lekukoek ahoz emandako azalpenak. Idatzizkoan, aldiz, euskara batuaren alde jokatu da, eskola gehienek lantzen duten ereduarekin bat egiteko. Dena dela, idatzian batuak ontzat ematen dituen bizkaierazko egiturak txertatzeko ahalegina ere egin dugu.

Zuentzat guztiontzat, ikasle, irakasle, guraso zein hezitzaileentzat... probetxugarri eta erabilgarri izango den esperantzan, hemen duzue Mungian zaharrak barri. Orain zeuen esku dago ahoz bildutako eta jasotako herri-jakituriari eta aberastasunari eustea eta iraunaraztea, aurrekoak izen diren moduan, ostekoak ere, altxor horren jabe eta jagole izan daitezen.