Labayruren sarrera
Mungian zaharrak barri izeneko material hau herrian egin zen ikerketa etnografikoaren bigarren emaitza dugu. Izenburuak ederto adierazten duen moduan, lan honen helburua, Mungiako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu eta berarekin Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri den material didaktiko-pedagogikoa eskaintzea izan da. Azken baten bizimodu tradizionala eta herri jakituria batu eta modu berritu eta erakargarri baten zabaltzea eta gizarteratzea.
Materialok era didaktikorik egokienean prestatu dira, ikastetxeetan irakasleek edota etxeetan gurasoek umeekin erraz erabiltzeko modukoak izan daitezen. Lan hau euskarri desberdinetan aurkezten da: web-orrian eta liburuan. Gura izanez gero, sarean dagoen informazio guztia, fitxategi exekutagarri baten bidez norbere ordenadorean deskargatzeko modua ere badago. Horrez gainera unitate guztiak paperean inprimatu daitezke.
Lan honen oinarria 2008an egindako ikerketa da. Orduan landa-lana egiteko ama-hizkuntza bertako hizkera zuten 24 informante elkarrizketatu eta grabatu ziren.
Grabaziootan Mungiako ondarea batu zen, ondare hitza bere esangura zabalenean hartuta: ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak...), ondare lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoduak...) eta ondare etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak...). Horretarako berenberegiko galdetegia atondu eta bertan hamaikatxu arlo bildu ziren, betiere Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeentzako erazkoak ziren gaiak zehaztuta, eta Eskola Curriculumeko eredu eta irizpideei jarraituta.
Herri-jakituria eta kultura tradizioa modu sistematikoz eta metodologikoz batuta, berreskuratze kultural eta linguistikoari ekin diogu; eta ahoz bildutako materialak egokituta eta plazaratuta, gizarteari eredu baliagarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskaintzeaz gain, bere aberastasunari eutsi eta iraunaraziko diogu. Era horretara, aurrekoak izan ziren moduan, ostekoak ere ondasun horren jabe eta jagole izan daitezen.
Horretarako, euskal hizkuntza, kantu, ohitura, eta azken baten euskal kulturari buruzko zaletasuna sortu, indartu eta zolitu egin beharko dugu, baina ez ume eta gazteengan bakarrik; helduen, irakasleen eta gurasoen artean ere bai, eurak direlako gure kultura ondareori ezagutarazteko eta irakasteko arduradunak.
Amaitu baino lehen, eskerrak eman gura dizkizuegu lan hau egiten lagundu diguzuen lekuko guztioi; eskerrak, gure herriaren ondarea eta hizkuntza gordetzen jakin duzuelako batetik, eta eskerrak bestetik, gure itaunei egonarri handiz, patxada onez eta umorez erantzun diezuelako. Zuek berbalaguntzat edukitzea benetan ere gozagarri izan da guretzat. Eskerrak bihotz-bihotzez.
Eskertu gura dugu, era berean, Mungiako Udala, guztiontzat probetxugarri izango diren era honetako proiektuak bideratu eta bultzatzearren.
Herri Ondare Atala - Labayru Ikastegia